|

100
metro
Ramon Saizarbitoria
|
|
Orr:
144
Urtea: 1997
Saila:
Narratiba
ISBN:
978-84-7568-747-6
Salneurria: 12,20 €
|
|
|
Lehenengo argitalpenetik hogei urte pasa diren honetan,
nekez aurkituko dugu 100 metro irakurri ez duen euskal
literaturzalerik. Nobelak orain artean izan dituen hamar
argitalpenak edo lau itzulpenak geurean soilik bakanen batzuek
duten arrakastaren lekuko dira. Diktaduraren zentsoreen aginduz,
1974ko argitarapena sekuestratu egin zuten. 1976an amnistiatu
ondoren iritsi zen nobela irakurleen eskuetara. 1985ean Alfonso
Ungriaren zuzendaritzapean nobelaren izen bera daraman filmea
egin zen. Eskuetan duzuen hau 10. edizioa da, eta eskubide osoz
gure klasikoetako bat dagoeneko. Zerraldo erori arte ihesleak
ibilitako azken 100 metroek iradokitzen dute nobelan giza-dimentsioaren
alderdirik intimoen eta sakonena. Bakardade hori areagotzea
baizik ez dute helburu heriotzaren gertalekutik kanpora txertatutako
flash indiferenteago edo sentiberagoek, beti ere heriotzaren
mugatik honantzago daudenak. Harantzago heriotzaren unibertsoa
hasten baita, bizitzaren azken irudi eta oroitzapen iheskorrak
ere sustengu baten bila gertatzen diren espazioa. Halabehar
kapritxosoenak iheslearen inkontrura erakarritako testigu anonimoa
bihurtuko da nobelan zehar protagonistaren abenturaren ardatz.
Hark erakarriko du beregana iheslearen ahalegina eta azken borondatea
eta, bidenabar, narrazioarenak. Hari eskainiko dizkio ihesleak,
maitasun erritual trajiko baten aurrean bageunde bezala, bere
bizitza ofrendan. Maitale bitxi eta anbibalentea izaki ordea
lekuko hori; izan ere, biak daude, iheslea eta lekukoa, maiz
bizitza bera ere zaletua den harreman ironiko itsu batean giltzapetuta.
Protagonista bakarrik dago bere patu tristearen aurrean, eta
zu, irakurle, espektadore izatera behartuta zaude. Seguru nobela
irakurri ostean, poetak esan zuen bezala, begi eta bihotz berriez
ikusiko duzula mundua.
-----------
|