|

|
Anne
Franken egunkaria
Anne Frank
Itzulpena:
Josu Zabaleta
|
|
Orr:
352
Urtea: 2005
Saila:
Oroimenean barrena
ISBN:
978-84-9746-219-8
Salneurria: 21,55 €
|
|
|
"Gauza guztiak esan ahal izango dizkizut, nik uste,
orain arte inori ez bezala, eta laguntza handia emango didazula
espero dut" esanez hasi zuen bere egunkaria, 1942ko
ekainaren hamabian, Anne Frank neskatoak. Hamahiru urte bete
berriak. Adin berezia, zaila, nahaspilatua. Etorkizunari dena
eskatzen zaion adina, iraganaren zati handi bat arbuiatzen dena,
maitasuna eta abentura eskatzen direna, desirak oraindik izen
zehatzik ez mugarik ez duena. Halako gaztetxo horrek gela gutxi
batzuetan ezkutatu beharra badu, eta bere harremanak etxekoengana
eta beste ezkutatu gutxi batzuengana urritzen bazaizkio, bi
aukera baizik ez ditu: erotu ala idatzi.
Eta Anne Frankek idatzi egingo du. Arin eta bizitasun handiz,
barrena hunkitzen digun zintzotasun, umore eta zorroztasun batez.
Bizitza honetan gehien kostatzen dena nahi du: nor den eta zer
gertatzen zaion jakin. Galera larriak, bat nerabea denean. Askatasuna
nahi du, askatasun fisikoa ezin bada, pentsamenduarena: pertsona
nagusiak kritikatzen du, barre egiten die; nahasmendua sentitzen
du, larritasuna, eta kexu da. Baina maitasuna ere badu. Maite
du Peter eta maite du bizitza. Bila ari da, gogoetan. Baina
badaki jostatzen ere. Bizi da, hitz batean. Lau paretaren artean
gauza asko gerta daitezke, eta neska gazte batean bihotzean
mila historia. Kanpoan, Gestapo, esespena, izuaren mendea.
Ez dago suspenserik, gazte literatura deitu ohi denean ohi den
bezala. Ondo ezagutzen dugu, tamalez, protagonistaren akabera
makurra. Geldiro irakurtzen dugu, beraz, xehetasun guztiak arakatuz,
protagonistaren bizitza geuretuz emozioak betetzen gaituen arte.
Anneren ahotsak, tragediaren erdian bizipoza kantatzeko gaitasunaz,
betirako iraungo duen oihartzuna baitu.
Tragediaren beste aldean, izan ere, bizitza baitago bizi-bizi.
MARIASUN
LANDA
-----------
|