“-Esan?
–galdetu nuen zakar.
Beste aldekoa, horrelako erantzunik esperoan nonbait, erantzungailu
bat bezala mintzatu zitzaidan. Olea jaunaz galdetu ondoren,
baiezkoa jasoa, aldez aurretik prestatua zeukana labur eta lehor
plazaratu zuen, inolako inguru-mingururik gabe, eguraldiaz edo
liga txapelketaren azken jardunaldiaz hitz egiten den legez.
Harri egina utzi ninduen. Orritxo bat eskuratu eta esku dardartiaz
zirriborratu nuen tonu berean emandako helbidea. Gero begirada
galduta geratu nintzen, telefonoa eskuan etendura–ren txistuei
jaramonik egiteke. Bera berriro! Jon, zorioneko Jon, nire bizitzatik
betiko galduta uste nuen anaia. Hilik aurkitu omen zuten bere
etxean. Droga gaindosi batek betiko eramanda. Inoiz gertatu
behar eta... Neurri batean ez nintzen harritu, ez bainuen uste
bista–tik galduz geroztik (urte batzuk jada) bizimoduz aldatua
izango zenik. Hala eta guztiz ere…”.
Berri latzak ez zuen ustekabean harrapatu Xabier Olea. Aspaldi
ez zuen anaia ikusten, baina gaztarotik amildegi ertzean ibiltzen
ohituta, azkenean erori egin zen nonbait. Heriotza gertatu tokia
eta anaia ikusi zituenean, ordea, harrituta gelditu zen. Kalezulo
narras bateko biztanletzat zuen Jon, eta hara non apartamentu
eder batean topatzen du, luxuz inguratuta.
Sinestezina!
Baina hura, bere zoritxarrerako, bolada zoro baten hasiera besterik
ez zen izan. Laster, zurrunbilo odoltsu baten erdian harrapatuta
geldituko zen, bizia galtzeko arriskuan, baten edo batzuen helburu
bihurtuta. Irten ezin, bere inguruan maila altuko jendea, drogazaleak,
sikarioak eta bortxaz hildakoak hasi ziren dantzan, zorioneko
anaiak infernutik markatzen zuen konpasean.
-----------