Gazteak
dira eleberri honetan protagonista positiboak. Bi ezaugarri
biltzen dituzte bere alde: gazte izatea eta artean bizitzeko
geratzen zaien bide luzea. Ilusioa eta esperantza. Baita alaitasuna
ere. Eta hori guztia, beraientzat, baita Gisèle Sergier-rentzat
ere, abortatu beharraren pasadizoak une miserable, maltzur eta
hipokrita asko ikustera kondenatutako neskarentzat, beraientzat
diot, egunero hasten dira bizitzak eta aukera berriak.
Marmarrean isildu gabe ari den gizagaixoak -hitz egiten ari
den bitartean gutxienez bizirik diharduelako ustean, seguru
asko- aldarte umoretsu eta alaia erabili arren, bere jardunaz
bestaldera gelditzen zaion mundua melankolia igurtzi batez kutsatzen
du maiz: bizitzak egunero gauza jakinak dakarzkio.
Bigarren protagonista berritsu horren marmarrean ironiak hartzen
du gaina eleberrian: aldi berean da narratzailea behatzaile
eta kontalari, aldi berean da zelatari eta murmuratzaile. Horra
hor artista modernoaren eredua.
Horra hor azken hogeita hamar urte pasatxotan irakurleriari
huts egin ez dion eleberri ederra.
-----------