"Elebitasuna eta Hezkuntza Euskararen Herrian" izeneko liburu
honek Euskal Herriko hezkuntza eta hizkuntz mundua bere osotasunean
besarkatu nahi lituzke. Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa
eta Ipar Euskal Herria edo Iparraldearen egoera aztertzen du,
errealitate hori osatzen duten hainbat eta hainbat alderdi ikertzen:
euskararen egoera legala, dimentsio demografikoa, euskararekiko
jarrerak, sistema elebiduna Euskal Herriko hezkuntzan, eskolatze-sistemaren
eboluzioa hezkuntza-maila desberdinetan, irakasleen prestakuntza,
Unibertsitate-munduaren errealitatea, ikas-materialaren produkzioa,
Animazio Soziokulturala eta euskara, eta azken kapitulu bat
ere bai, non aztertzen den zein den euskal eskoletako elebitasunaren
balorazioa eta zein diren hizkuntz ereduen emaitza akademikoak,
egindako ikerlanen arabera.
Egileak
"Liburu-aurkezle
batek gutxitan izan du, egia esan, oraingo hau baino lan errazagorik,
esango bainuke egileak bete-betean asmatu duela bere helburuarekin.
Modu ezin xeheago batean deskribatzen digu Etxeberriak irakaskuntza
elebiduna zein giro pedagogikotan garatu izan den, hots, hasi
hizkuntza arrotz baten irakaskuntza goiztiarra desegoki eta
are kaltegarritzat jotzen zen urruti samarreko garaietatik,
eta, alderantziz, irakaskuntza horrek gaur egungo gizartearen
beharrei erantzuteaz gainera, behar bezala antolatuz gero, ikasleentzat
mesedegarria gertatzen dela pentsatzen deneko egunotaraino.
Eta deskribatzen digu, baita ere, euskararen eta euskarazko
irakaskuntza baloratzeko erabakia esplikatzen duen marko politikoa
zein izan den ere identitate kolektiboa berreskuratzeko mugimenduaren
barnean".
"...eta berari buruz egin dezakedan iruzkinik onena da, ez dudala
ezagutzen hizkuntza propioa duen beste ezein Komunitate Autonomotan
hizkuntza horrek bere hezkuntza-sisteman duen presentziari buruzko
azalpen hain argi eta hain osaturik".
Miquel Siguan. Bartzelona Unibertsitateko Psikolinguistikako
Katedraduna.
Felix Etxeberria Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza
Zientzietako Katedraduna da; lehenik eskolan irakasle eta zuzendari
bezala eta gero Unibertsitatean irakasle eta ikerlari lanean
25 urtetik gora daramatza, hezkuntza elebidunaz eta kulturartekoaz
zenbait lan argitaratuz.
-----------