|

Euskalduntzearen
atakan
Kepa Larrea
|
|
Orr:
296
Urtea: 2005
Saila:
Unibertsitate Saila
ISBN:
978-84-9746-193-1
Salneurria:
18,55 €
|
|
|
Euskal kultura idatzia agertu zen une beretik euskaldun alfabetatuak
izan dira; bestela, definizioz euskal kultura idatziaz hitz
egitea ezinezkoa litzateke, euskaldun alfabetatu horiek izan
baitira urtez urte kultura idatziaren egileak. Eta horiekin
batera, motibazio guztiz pragmatikoak (linguistikoak, komertzialak,
erlijiosoak...) zituzten euskaldun berri gutxi batzuk ere agertu
ziren. Geroago, XIX. mendearen amaieran, motibazio pragmatiko
horiekin batera motibazio ideologikoa ere agertu zen euskaldun
berriengan. Beti ere, euskaldun zahar alfabetatu zein euskaldun
berri gutxi batzuez ari gara. Hala ere, XX. mendearen erdialdean,
alegia, 36ko Gerrateak sortutako hutsartearen eta krisialdiaren
ondoren, euskaldunen belaunaldi gazteen artean batez ere, ordura
arte ez bezalako kontzientziatze prozesu bat hozitu zen. Kontzientziatze
prozesu horren eragile nagusiak bi izan ziren: bata, II. Mundu
Gerraren amaieran Europatik zetozen mugimendu politiko eta filosofikoak
(humanismoa, existentzialismoa eta era askotako ezker mugimendu
berriak) eta, bestea, Hego Euskal Herriaren bilakaera ekonomikoa.
Helduen euskalduntze-alfabetatzea, jakina, testuinguru horretan
kokatu beharra dago. Izan ere, Euskal Herrian -eta inguruko
lurraldeetan ere- aurrekaririk ez duen prozesu baten bidez,
70eko hamarkadaren erdialdetik gaur egunera arte batez beste
40.000 pertsona heldu matrikulatzen dira urterik urte helduentzako
euskara eskoletan. Mugimendu hori ez da gertaera isolatu bat,
baizik eta euskal kulturaren beste agerpen batzuekin batera
(ikastolak, kantagintza, liburugintza, euskarazko aldizkariak...)
6Oko hamarkadan abian jarri zen euskal kontzientziatze berri
baten emaitza. Espainia eta Frantziako gobernuen laguntzarik
gabe -eta maiz gobernuak kontra zituela- sortu zen mugimendu
hau erabat bizirik eta indarrean dago gaur egun Euskal Herri
osoan. Tarte horretan antolamenduari (ekimen pribatua/publikoa,
irakasle zaletuak/profesionalak), metodologiari (metodo tradizionalak/komunikatiboak)
eta, nola ez, euskalduntze eta alfabetatze izaera berari (alfabetatze
literarioa/kulturala, motibazio ideologikoa/pragmatikoa) atxikitako
hainbat ikuspegi, arazo eta oztopo gainditu behar izan ditu
helduen euskalduntze eta alfabetatzeak. Azken batean euskara
da euskaldunak gehien kohesionatzen dituen elementua, euskara
barik ez baita euskaldunik.
|