Bitan
bakarrik agertzen da itsaso hitza liburu honetan, urrutiegi
dago bertako pertsonaientzat, ezezaguna zaie beharbada.
Bizi dituzten paradisu edo infernu txikien begira eta mendean
daude, Bibliako heroiak bezala. Hala ere, liburu osoa itsaso
hurbila da; uhinen itxura hartuz, irakurleari hurreratzen zaio
berak bakarrik dakien bezala: erasoka hasieran, azkenean lehertzeko
plaia bero baten gainean, irakurlearen arimaren erdi-erdian.
Itsasoa da-eta erretzen duen hareatza, eta kapitulu bakoitzak
haize beroaren moduan eskulpitzen ditu dunak.
Ibai nekatua da, ezer baino lehen sosegu eta deskantsua, ozeanoaren
laztana irrikatzen duena.
Hori guztia da edo izan daiteke nobela hau, edergarri guztien
lorategi galdu haren moduan.
Edo nahi baduzue, oihan itsu eta iluna, hitzen katearen handitasunak
itzalez margotzen duena. Eta ezari-ezarian amaiera aldean defentsarik
gabe, suspiriotan, argi mutu bati sartzen uzten diona, eta orduantxe
konturatzen gara aurrean dugun guztia beste argi batez ikusten
dugula.
FELIPE
JUARISTI
-----------