Zenbait lekukotasunek adierazi duten bezala, idazketa prozesuari
buruzko iruzkin metaliterarioak egiteko beharra literatura idatziaren
hasieratik aurki daitekeen fenomenoa da. Hala eta guztiz ere,
joera hori areagotu egiten da literaturaren historiako inflexio-uneetan.
XX. mende osoan zehar, errealitatearen puzzleak idazleengan
sortutako laborriak erreferentzialtasun- aldaketa eragin zuen:
“barruko” erreferentzialtasuna nagusituz doa “kanpokoaren” kaltetan,
eta hortxe sortzen da testu metaliterarioak sistematikoki idazteko
edo idazkietan tartekatzeko tradizio posmodernoa.
Idazle askorentzat idaztea bera da bizi izateko modu bat, eta,
muturreko kasu batzuetan, modu bakarra, bizitzea eta idaztea
kontrakoak balira bezala. Horrek guztiak bi idazle motaren aurrean
kokatzen gaitu, beren obretan darabilten erreferentzialtasunaren
arabera: bizi dutenari buruz idazten dutenak eta irakurri dutenari
buruz idazten dutenak. Literatura ere mundu bizigarria
delako, ohiko mundua bezainbeste. Literaturaren mundua nagusitu
zaio munduaren literaturari.
-----------