Gutun luzea Anxíok igorri didana. Bat-batean ideia hau etorri
zait: eta zein azalpen eman behar du gizakiak ez bada hitzez,
lengoaiaren erreinuaren magalean erorita gaudenean? Hitzetan
beharbada gordetzen da gizakiaren ezintasuna. Adierazpenak hitzen
beharra du. Eta gizakia, Anxío, hitzen gatibu da bere baitan.
Baina gizakiak askatasuna lortu zuen hitzen bitartez. Naturatik
ihes egin zuen gizakiak hitzen altzora hurbildu zenean, eta
lilura baino ez zitzaion sortu: hitza! Eta lilurak harriduraren
bidea hartzen du eta hortik aurrera hitzak eraiki du gure eta
errealitatearen arteko zubia. Zubia lotura moduan, lotura, lokarria,
haurraren eta amaren artean zilbor hesteak eraikitzen duenaren
modukoa. Baina paradoxikoa da: sortzearen prozesuan batasun
hori apurtzen da. Gizakiak hitzezko eraikuntza –poesia– sortzen
duenean ere apurtzen da gizakiaren batasuna. Sentimenduak barne
barnekoak dira, eta poesia dute espresio iturri. Hitza da azken
finean tresna bat barnekoa eta kanpokoa elkartzeko. Lotura,
eta askotan urradura, da gertatzen zaiguna, itsasoaren aparrak
harearen gainean ostatua hartzen duenean bezala. Ezin dut irudikatu
beste era bat, ni errealitatearekin harremanetan jartzeko. Gizakiaren
drama baita berea den hori, barne sentimendua, poemetan argitara
ematen duenean, oraina zintzilikatzen duela bizitzarako, eta
horixe da niretzat guk, gizakiok, eraikitzen dugun haria, gizaria.
-----------