Emakumeen idazlanekin hasi bainaiz ez da kasualitate hutsez,
izan ere, gaur aztergai dugun idazlanak, emakumeon munduan puri-purian
dagoen gaia baitakargu: tratu txarrak. Nobelan haseran patio
batean ahotsak entzuten hasten dira, gizonarenak, jakina, eta
berehala biolentziaren tesituran jartzen gaitu narratzaileak.
Nobela aurrera doala biolentzia kreskendoan doa, azkenik senarrak
emazteari egundoko jipoia emanez. Horren lekuko emakumearen
karrasiak, gatazka eta solairuan kontra erortzen den gorputz
indargabetuaren danbakoa. Hori da nobela honek modu xumean mahai
gainean jarri diguna. Izenen semantika eginez nobelan zehar
Joxe Mari Apaolaza (protagonista), tratu txarren ikusle eta
entzule ikaratua, Iosune, beste bizilaguna, Manolo (tratu txarren
emailea), Marga (tratu txarren jasotzailea), Virginia euren
arteko alaba eta honen mutilaguna, Imanol, azalduko zaizkigu.
Etxeberriak tratu txarrak izen erdaldunekin lotu ditu. Eta ez
hori bakarrik, tratu txarrak erdaraz mintzo dira. Izen euskaldunak
eta euskara tratu txarretatik salbatu ditu. Baina bizilagunak
euskaldunak dira eta ez dute deus ere egiten tratu txar horien
kontra, ezin dira besteen bizitzan sartu, senarrak emazteari
akabatu arteko jipoia ematen ez dion bitartean, orduan bai;
Ertzaintzari deitu etabar. Bitartean lekuko ixilak dira biolentziaren
bestaldeko guztiak.
Nere ustez nobela honek duen indargune nagusia gaia da. Egia
esan, Aitziberrek narrazioa modu txukunean eraman du aurrera,
lehen pertsona eta hirugarren pertsona oso ondo nahastu ditu,
irakurlea narraziotik distantzia egokian edukiz eta interesa
gero eta handiagoa piztuz.
Gema Lasarte. Berria.
-----------