|

Umeek
gezurra esaten dutenetik
Uxue Apaolaza
|
|
Orr:
96
Urtea: 2005
Saila:
Narratiba
ISBN:
978-84-9746-287-7
Salneurria: 11 €
|
|
|
Umeek gezurra esaten dutenetik leitzeko jarraibide batzuk.
1) Bilatu leku eroso bat irakurtzeko: besaulkia, ohea, belardi
bukoliko bat. Edo ez: leku aldrebes batek balio diezazuke ere
bai. Berdin-berdin sentiaraziko baitzaituzte deseroso liburu
honetako orrialdeek.
2) Irakur ezazu egunean ipuin bat; bi, askoz jota. Hortik aurrera
ardura zurea da soilik.
3) Kontuan har ezazu Uxue Apaolaza egile gaztea eta euskalduna
dela, baina, hala ere, eta gezurra irudi dezakeen arren, ez
duela literatura buenistarik egiten. Ez ezazu apalategian
ipini Isabel Allenderen edo Paulo Coelhoren liburuen ondoan;
ez ezazu irakurri, nik zer dakit, U2ren edo Mikel Urdangarinen
azkeneko CDa entzun bitartean.
4) Jakizu Uxue Apaolazaren zakilak loditu egiten direla,
ez tentetu edo gogortu, euskal literaturan ohikoa
den bezala; horretan pixka bat pentsatuz gero konturatuko zara
ñabardura ez dela hutsala. Eta litekeena dela hemendik aurrera
ikusi, ukitu edota imajinatuko dituzun zakil guztiek tentetzeari
edo gogortzeari utziko diotela, loditzen hasteko. Etengabe,
koipetsuki.
5) Ez egin jaramonik jarraibide hauei: hauxe da hutsik gabe
bete behar duzun erregela bakarra. Liburu batek, are gutxiago
ipuin liburu batek, ez du instrukzioen beharrik. Liburu onez
ari naiz, noski: axola duten liburuez. Hau bezalakoez.
6) Baina gogora ezazu liburu hau itxi eta mundu errealaren goxotasunera
atzera itzultzeko esperantza galdu behar duzula: irakurri berri
duzun azkeneko ipuinaren azkeneko lerrotik bista altxatu bezain
laster konturatuko zara liburuko mundu berean jarraitzen duzula.
Eta, okerragoa dena, bertan bizi zinela lehenago ere, Uxue Apaolazak
zuretzat desestali aurretik.
Iban
Zaldua
|