(Euskarazko
Euskadi Literatura Saria 2001)
Intxortako
lubakietan girotutako "Gudari zaharraren gerra galdua"k zabaltzen
du liburua, eta Intxortako lerroen apurtzearekin gertatu zen
nazionalen aurrerabidearen ondorioetako bat kontatzen zaigu
"Asaba zaharren baratza"n. Liburua ixten duen azken narrazio
honek Sabino Aranaren hilobi aldaketak kontatzen ditu. Tartean
gelditzen da 36ko gerraren oihartzun atergabea den "Bi bihotz,
hilobi bat" (Artaxonatik Artaxonara). "Rossetti-ren obsesioa"k,
berriz, Madrildik Londresera daramatza euskaldunoi buruzko galdera
eta diagnostiko zuzen-zuzenak: "¿Qué os pasa a los vascos?"
eta "Sois unos melancólicos". Galderaren eta baieztapenaren
atzean bi emakume, Victoria eta Eugenia, guztiz desberdinak
eta aldi berean antzekoak oso. Eta gizon bat, eta bi harremanen
kasuan -arrakasta labur txinpartatsuren bat gorabehera-, bi
maitasun ezinezko. Azken finean, ze zaila egiten zaion gizonezkoari
gauzarik xumeena ere naturaltasunez aitortzea! Batarekin ausartegi,
bestearekin koldarregi, modu paregabean azaleratzen du nobelak
gizonezkoon alde mixerable eta komikoena. Komikotasunean badu,
egia esan, norekin neurtu liburu honetan; izan ere, larru berekoak
baitira azken pertsonaia hori eta "Bi bihotz, hilobi bat"ekoa.
"Marcel Martin"ek, berriz, bikote harremanak absurduraino nola
gaizto daitezkeen erakusten digu. Gutxien espero denean, eta
komentario ezdeusenaren kausaz, leize sakon eta gaindiezina
zabal daiteke gure bizitzetan, ustez bat ere arrazoirik gabe,
eta erabat oharkabean gainera. Izan ere, xelebrea baita -edota
negargarria- gauzarik xumeena ulertzeko gizonak askotan duen
ezintasuna. Bat-batean, bikotea osatzen zutenak, elkarrenganako
bi ezezagun bihurtuko dira. Esan beharrik ere ez dago liburu
arrunt bat baino gehiago dela eskuetan duzun hau: euskal irakurleen
ahotan luzaroan egongo den liburua.
-----------