Hogeita zazpi hizki konbokatuz, gizartearen zimurretan bizi
diren ahots askok hartu du bere txanda liburu honetan: eroak,
IHESak jotakoak, fantasmak, egoera zailetan murgilduak, leiendak,
poesiak, Euskal Herriko egoerari buruzko gogoetak, narrazioak,
eta abar. Testu arteko -hau da, nola kontatu dizkiogu geure
buruari munduan ikusi eta bizitakoak- gogoetak eta interpretazioak
zoragarriak dira, maila handikoak eta jakinduriaz gainezka datozenak.
Hitzak eta esperientziak bat egiten duten une pribilegiatua
da jakinduria. Izan ere, liburu hau urte askoren, alfabetoekin
borrokan pasatutako urte luzeen ondoren datorren emaitza da.
Memorandum bat. Liburu honetan Atxagak bere alfabeto intimoaren
puska bat baino gehiago txertatu du. Bertan biltzen dira, beraz,
idazlea, artista eta mundu ikuspegia. Lau dohain nagusi nabarmendu
daitezke Groelandiako lezioa honetan: ulergarritasuna, sendotasuna,
umorea eta abildade komunikatiboa. Goi-mailako gogoetak modu
sinple eta ulerterrazean azaltzen maisu da Atxaga; erraztasuna,
baina mundu ikuspegi sendo batean dago oinarrituta. Eta, hala
ere, orain arte esandakoak ez luke azalduko testu honen zinezko
xarma, ez balu oinarrian Atxagak bere-berea duen "begiratu"
berezi hori, gauzei heltzeko ezker esku hori, ikuspuntu inprebisible
hori, hain ondorio bitxi eta ederretara bideratu izan gaituena.
Ordurarte ezezagunak zitzaizkigun esperientziak antiojo berriez
ikusteko aukera prestatu digu Atxagak. Harrigarriena, baina,
zera da, mundu horiek -Poeren Gutun ebatsian bezala-
begiaurrean zituela irakurleak eta hala ere -edo beharbada horrexegatik-
ikustezinak izaki. Eska al dakioke gehiago idazle edo artista
bati? Ba, hori guztia gutxi balitz, umorea da irakurleak gehien
eskertuko duena. Eleberrietan nekezago gertatzen zaiona, honako
honetan baliabiderik aberatsena du Atxagak. Irakurle-mota desberdinei
zuzendutako liburua da. Nork bere gustuari jarraituz, seguru
aurkitzen duela liburu honetan non gozatu.
-----------