Bambulo Zakur Investigator-en idazkariak jo eta ke segitzen
du lanean. Hirugarren liburuak Bambuloren eta bere lagunen
kontu berria dakar, oraingoan Maria neska ttikiaren aitak kontaturik.
Ez da zuzen-zuzen eta bete-betean gai bambulotarra, baina ipuin
gisa sartu du egileak testu hau Bambuloren liburuan. Eta, zinez,
merezi du! Urkizu marinel gazteak orain ehun urte baino gehiago
Terranovan izandako ibilerak kontatzen dira Ternuako Penak
honetan. Euskal Herritik ateratako arrantzontzi bat Kanadaraino
joango da bakailaoa harrapatzera. Hamabi gizonek osatzen dute
eskifaia, eta haiekin doa Urkizu ere, hamabost urteko mutiko
bizkor eta hizkuntzetarako trebetasun handikoa. Euskaldunek
ez dute iskimauekin harremanetan asmatzen eta, sarri, zapuztu
egiten dira tratuak. Urkizuk haien hizkuntza ikasiko balu, beharbada,
harremanak errazago gauzatuko lituzkete. Helburu horrekin, negua,
negu luzea emango du Urkizuk iskimauen artean, kanta zaharra
gogoan:
Ternuan
dira salbaiak
ere
iskimau etsaiak
Giza bestia krudelak
hilik jaten marinelak.
-----------