..."Munduko sorkarien zinezko izatera ezin iritsi denez,
sorkari bakoitzaren ordezkorik xinplenak eta erabilgarrienak
sortu ditu gizonak: izenak, lumeroak... munduko errealitatea
tasatu eta beregisa erabiltzeko. Baina, ez al da nekagarri,
inguruko gauzen ederra gozatzeko giza gogoak dituen aukera zoragarri
guziak abstrazio huts honetaraino agortu beharra? Bai, putzu
bati edo harri bati liluraz begira dagoenarentzat, ez dira deus
"putzu", "harri", edo "bat" hitzak; eta
horrexegatik da nire atsegina ere deustara abstraitu ezinezkoa".
(Etziko kontuak atzo)
..."Beharbada, horrexegatik hartu gaitu Patzikuk begitan "euskararen
taxidermia hutsera" jo izan dugun hizkuntzalariok, bizi
garen kulturaren alferrikako hustuketan aritu garelakoan. Eta
beharbada arrazoi bera dela eta, ez du fikzio hutsik maite:
"izanez ere, bere gustoko lekuaz eta giroaz arroztu den fikziokumeak,
hainbeste gauza ukatu behar ditu egunaren buruan…". Horregatik
ez du Patzikuk, inongo hortzemuga exotikoen premiarik; atarira
orduko baitauzka muturraren aurrean bere bihotzeko zeru-lur
hondogabeak, berak nahi bezala inork inoiz sentitu, arakatu,
gozatu gabeak".
(Hitzaurrea,
Mikel Olano)
-----------