Pello Lizarralde kontalari berezia da. Ez ditu bere
ahaleginak ahituko narrazioaren errenkari jarraika; Pello Lizarraldek
bai baitaki hura baino interesgarriagoa dela narrazioaren atmosfera
kutsatzea, astuntasun edo arintasun giroa irakurleari sentiaraztea.
Horixe lortu zuen Sargori (1994) deritzan narrazioak:
sargoriaren astuntasuna aleka jasanaraztea. Oraingo honetan
alderantziz gertatzen da, giroaren eta narrazioaren eraiketa
xehetasunez bete eta zehatza "isilaldi" arinen gainean kulunkatzen
da: "Un ange passe". Eta, hala ere, "isilaldi" edo "esan gabe"ko
horietan kondentsatzen da narrazioaren funtsa. Hitzik gabeko
edo aipamenik gabeko hari iheskor horiexetan hartzen dute oin
urtaroen kadentzian eratutako lau narrazioek. Ezdeusak diruditen
hari horiek, ordea, erabat baldintzatzen dute Pello Lizarralderen
narrazio liburua. Narrazio hauetan bada literatura munduko oihartzun
ugari, ala nola Melvilleren Moby Dick edo Tobias Wolfen
ipuinena, Tabucchiren eta Calvinoren lanena edo Antero Quentalen
poemena.
-----------